Heldua izanki euskara ikastea eta euskara-maila hobetzea, posible da!
Euskaraz Lan Egin bekari buruzko informazio guziak eta hautagaitza txostenak:
Eusguneak webgunea :
2004ko azaroan Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eratu zenetik, eta hizkuntza politika publikoa obratzearen 20 urte ondotik emaitza azpimarragarriak lortu dira: hizkuntza politika publikoa oinarri sendoetan eraiki da; euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza lurralde osoan garatu da, eta sail guzietan. Horrela, 2025-2026ko sartzean, lehen mailako ikastetxeen % 71k irakaskuntza elebiduna proposatzen du oren parekotasuneko ereduan edo murgiltze ereduan eta ikasle eskolatuetarik % 43.8 elebidunean dira (2004-05ean EEP sortu zelarik, eskaintza elebiduna ikastetxeen % 42k proposatzen zuen eta ikasleen % 24.5 elebidunean eskolatua zen);
2021eko inkesta soziolinguistikoak agerian ezarri zuen lehen neurketetatik nabari zen euskal hiztun kopuruaren gainbehera gelditu dela.
Haatik, desafio handiak dira oraindik.
Erronka horiez oharturik, joan den abenduan EEPko partaideek Erakundearen luzatzea bozkatu zuten, helburu gisa ezarriz “euskal hiztunen kopuruaren emendatze erregularra bermatuz, 16 urte edo goragoko biztanleriaren % 30eko edo gehiagoko hiztunen tasara iristera ahalegintzen den ibilbidea eraikitzeko baliabideak mobilizatzea eta indartzea”.
EEPk eraman prospektiba soziolinguistikoaren urraspideak, 2050 urteari begira, % 30eko tasara iritsi ahal izateko ardatz nagusiak identifikatu ditu:
- Irakaskuntza eskaintza orokortzera buruz eramateko, eta ikasleen eskolaldi osoan zehar ibilbide elebidunen jarraikitasuna bermatzeko, eskaintza garatzen segitzea,
- hizkuntzaren presentzia soziala indartzea,
- helduen euskalduntzea azkarki garatzea.
Azken egiteko hori obratzeko xedearekin, EEPk helduendako euskalduntzea laguntzeko bi dispositibo definitu eta abiatu ditu:
- “Euskaraz Lan Egin” bekaren jarraipena, euskarari loturiko proiektu profesionala dutenei zuzendua,
- POCTEFA EUSGUNEAK proiektuaren kari, gutienez partez sail elebidunean eskolatuak izan diren eta beren euskara-maila indartu nahi duten gazteei zuzendu dispositibo berezia.
- “Euskaraz lan egin” euskara ikasteko bekaren 2026-2027ko edizioaren abiatzea
Euskara menperatzen duten profesional kualifikatuen beharra etengabe emendatuz doalarik, «Euskaraz Lan Egin» bekak euskara ikasteko formakuntza trinkoak diruz laguntzeko parada eskaintzen du, zenbait hilabetez euskara maila ona lortzeko aukera emanez.
- Helburua: profesional elebidunak formatzea
Bekak, euskara eskatzen duen proiektu profesionala duten pertsonak formatzeko xedea du, euskara/frantsesa ongi dakiten profesional elebidunak aurkitzeko zailtasunak dituzten sektoreetan: irakaskuntza, lehen haurtzaroa, heziketa artistikoa eta kulturala, animazioa, hedabideak.
2026-2027 urterako EEPren helburua, soldatadun ez diren edo arrazoi pertsonalengatik geldialdian (edo, irakasle tituludunen kasuan, formakuntza profesionaleko geldialdian) diren profesional euskaradunak formatzea da, europeako C1 (edo, proiektu profesionalaren arabera, B2) maila izateko helburuarekin.
- Formakuntza «trinkoa» Ipar Euskal Herrian edo «murgiltze» formakuntza Hego Euskal Herrian
Diruz laguntzen diren formakuntzak «trinkoak» izan behar dira, gutienez astean 30 orenekoak eta zenbait hilabete irauten dutenak. Ipar Euskal Herriko euskaltegietan egin daitezke, edo Euskal Autonomia Erkidegoko edo Nafarroako Foru Aldundiko Barnetegietan. Kasu honetan, formakuntza denboran baita denbora librean ere, ikasleak ingurune euskaldunetan murgiltzen dira.
Euskara epe laburrean ikasiz eta ingurune euskaldunean murgilduz, azkarrago eta eraginkorrago ikasten da. Gainera, motibazioa atxikitzen laguntzen du eta formakuntza hasi eta laster praktikatzeko aukera ematen du.
- Osoki finantzatu formakuntzak
Euskarazko formakuntza trinkoak % 100an finantzatuak izan daitezke, araudiak finkatu ordukako prezioaren mugan eta bekaren baldintzak errespetatu ezkero.
- Argibide praktikoak
Izen-emate dosierrak EEPren www.mintzaira.fr webgunetik jaitsi daitezke.
Izena emateko epea: 2026ko ekainaren 21a
Argibide praktikoak eta prentsa harremana :
05.59.25.52.55 – ele
mintzaira.fr
- EUSGUNEAK proiektuko gazteentzako formakuntza dispositiboaren abiatzea
POCTEFA EUSGUNEAK proiektuaren kari, EEPk sail elebidunean (murgiltze edota oren parekotasunean) eskolatuak izan diren eta beren euskara-maila hobetu nahi duten ikasleei euskara formakuntza trinkoko dispositibo bat eskaintzen die.
- Helburua:
Gazte anitzek hezkuntza sistema elebiduna uzten dute lizeoa bururatu baino lehen edo lizeo bururatzean, euskarazko maila partzial batekin eta ondotik aitzinatzeko parada gutirekin. Ondorioz, batzuetan eskolan lortutakoa ere galtzen dute.
Euskararen Erakunde Publikoak formakuntza trinko programa bat abiatzen du, gazte horiei hiztun oso bilakatzeko parada eskaintzeko, euskararen erabilpena egunerokoan, gizarte bizitzan edota lan munduan normaltasunez egiteko gaitasuna izateko helburuarekin.
- Nori zuzendua zaio?
Programa hau esklusiboki Ipar Euskal Herriko gazteei zuzendua zaie, euskarazko irakaskuntza elebidunean (eskola publikoan, pribatu katolikoan edo Seaskan), bederen partez, eskolatuak izan direnentzat eta beren hizkuntza gaitasuna indartu nahi dutenentzat.
- Formakuntza trinkoa Iparraldean edo barnetegian Hegoaldean
Formakuntza molde intentsiboan egiten ahalko da Iparraldean edo murgiltze osoan (barnetegian) Hegoaldean, bakoitzaren nahien eta disponibilitateen arabera.
Lortu beharreko maila B2 edo C1 izanen da.
Formakuntza-ibilbidea gazte bakoitzarekin definituko da, bere hastapeneko maila, xede maila eta hautatzen duen lekuaren arabera.
- Osoki ordainduriko formakuntzak
Programa horretan formakuntza-kostu guziak (eta mantenu-kostuak barnetegian segitu formakuntzentzat) estaliko dira, EEP eta POCTEFA AfoMef-en elkarrekilako finantzazioari esker.
- Argibide praktikoak
Harremanetarako galdetegia www.eusguneak.eus webgunean eskuragarri da.
Argibide praktikoak eta prentsa harremana:
05.59.31.96.98 – formakuntzak@mintzaira.fr
EUSGUNEAK proiektua (EFA157/04) Europar Batasunak batera finantzatu du –% 65– AFOMEF POCTEFA deialdiaren Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren (POCTEFA 2021-2027) bidez. POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorrako mugaz gaindiko eremuan integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea.
- Hurrunago joateko...
Helduendako euskara ikasteko formakuntzak finantzatzeko beste molde eta dispositiboak ere badira:
- Zuzenbide arrunteko dispositiboak: enplegatzaileen esku den finantzazioa, KPFaren erabilera, ...
- EEPren kideek garatu dispositibo osagarriak: Akitania Berria Eskualdeak enplegu galdegileei zuzendu dispositiboa, Euskal Hirigune Elkargoak proposatu EUSKALDUNDU beka...
Argibide gehiagorendako, harremanetan sar zaitezke Euskararen Erakunde Publikoarekin eta On! Piztu -ren atarian honako artikula irakur dezakezu:
https://on.eus/euskara-ikasi-diru-moltsa-hustu-gabe/





