Erramun Bachoc-en kronikak

Elebitasuna eta diglosia

Elebitasunak erranahi asko dauzka.

1. Elebitasun pertsonala : norbaitek bi hizkuntza (edo geihago) erabiltzeko gaitasuna duelarik. Elebitasunaren ondorio onak nabari dira : komunikazio zabalagoa, irekidura kulturala, sortzailetasuna, beste hizkuntzak (eta matematikak) ikasteko erraztasuna...

2. Elebitasun instituzionala aipatzen da herri batean zerbitzu publikoak bi hizkuntza ofizialetan (edo gehiagotan) ekaintzen direlarik, herritar bakoitzak bere ama-hizkuntza errazki erabiltzeko gisan. Adibidez Kanadan, Belgikan, Suisan. Arduradunak elebidunak dira herritar elebakarren zerbitzuko.

3. Elebitasun “etnikoa” (William Mackey) gertatzen da herri bateko biztanleek jatorriko hizkuntzaz gain, beste bat nahitaez erabili behar dutelarik gizartean integratzeko. Elebitasun etnikoa aldatzen da denborarekin, beti norabide berean diglosiarantz : azkenean kanpotikako hizkuntza denek derabilate funtzio ororen betetzeko. Jatorrizko hizkuntza familia hizkuntza bilakatzen da, funtzio sinbolikora mugatuz eta desagertzeko arriskuan. Adibidez, Quebeceko frankofono batek ez du ingelesa erabiltzerik, federazio elebidun batean bizi baita. Alderantziz euskaldun batek frantsesa edo gaztelania erabili behar du Euskal Herrian ere normaltasunez bizitzeko.

Zer da diglosia ?

1. Ferguson-ek diglosia funtzionala definitu zuen : “Gizarte batean koda ezberdinak erabiltzen direlarik, luzaz elkarrekin diraute, batek funtzio berezia betetzen duelarik besteak betetzen ez duena. Zerbitzu berdinak eskeintzen badituzte, noizbait batek besteari lekua kentzen dio”. Bolikostan,  herrian herri hizkuntza erabiltzen da adibidez baule, merkatuan diula, eskolan frantsesa, meskitan arabera. Euskal Herrian, duela 50 urte, euskara zen familian, elizan, merkatuan eta plazan, frantsesa eskolan eta soldadogoan. Telebista etxean sartu delarik, frantsesak komunikazio eremu guztiak hartu ditu.

2. Orduan diglosia menderatzaile bilakatzen da, hizkuntza indartsuak ahulena desagertzeko arriskuan ezartzen baitu. Zertarako bi hizkuntza, batek funtzio guztiak betetzen dituelarik ? Euskaldunen erronka nagusia da euskarari bere lekua eman behar diotela, euskalgune batzu sortuz non ere normal eta atsegin baita euskaraz hitzegitea : ikastolan, gela elebidunean, familian, lagunartean, aisialdi eta pesta egoeretan, kultura ekintzetan, auzoko saltegian, herriko etxean. Hots gune eta une batzutan euskararen aldeko diglosia antola dezagun, geto batean sartu gabe.

3. Elebidunen baitan ere diglosia sar daiteke, erdarak indar gehiago hartzen duelarik. Hizkuntzen arteko borroka gure baitan dago. Elebitasuna ez da beti orekatua. Erdalelebidunek erdara euskara baino errazago erabiltzen dute. Helburua da euskararen aldeko trebetasuna. Baina etapak onartu behar ditugu eta elebidun hartzaileak euskalduntasunaren bidean dira, adibidez hadabideak entzunez edo euskal kulturgintzan parte hartuz.

Elebitasun orekatua eta euskararen normaltasuna dira gure helburuak, diglosia menderatzailea gaindituz. Baina malgutasunez eta urraspideak errespetatuz. Erdal-munduaren eta euskal-munduaren zubigintza ere, hizkuntza politikaren zati bat da.