Diru-laguntzak

Proiektu bat daukazu...

Iparraldeko eragile pribatu bat zira,

Euskararen erabilpenari lotutako proiektu bat daukazu,

Podere publikoen laguntza nahi zenuke,

Zalantzarik gabe, EEP-ren zerbitzuekin harremanetan sar zaitez!

Euskararen alorrean diharduten eragile pribatuen sustatzeko lankidetzarako fondo bat

Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika arloan partaidetza bat eratu dute 2007tik hona, 2007ko otsailaren 7an formalizatu zen lehen hitzarmen-markoaren bidez. Geroztik, hitzarmen hori bi aldiz arraberritua izan da, lehenik 2011an eta gero 2016an.  

Euskararen aldeko hizkuntza politikari buruzko mugaz gaindiko hitzarmen horien jarraian, Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, bi erakundeen arteko lankidetza sendotuz eta definituz, 2021-2025 epealdirako hitzarmen-marko berri bat izenpetu zuten iaz, 2021eko martxoaren 31an.

Hitzarmen-marko hori, urtero eranskin bidez deklinatzen da, urteko lana eta Iparraldeko eragile pribatuei zuzentzen zaien diruztapen era zehaztuz, bi instituzioek elkarrekin elikatzen eta osatzen duten lankidetzarako fondoaren bidez. Aurten ere beraz, EEPk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eragile pribatuek eramandako euskararen erabilpena eta transmisioa sustatzen dituzten proiektuak elkarrekin diruz laguntzea erabaki dute.

Horretarako, 2023an, lankidetzarako fondoa berriz eratu eta egonkortu da.

2023an, Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak eragile pribatuentzat osatu lankidetzarako fondoa 1.930.000 €-koa izan da, bi partaideen ekarpenez:

  • Euskararen Erakunde Publikoa : 1.530.000 €
  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza : 400.000 € 

2 sustapen multzo 

Hitzarmenez lotu eragileak

Euskararen alorrean diharduten eragile identifikaturik, elkarraditurik finkatu helburuak eta jarduerak zehaztuko dituzten hitzarmenen bidez laguntzen dira.

14 eragileak, alorka:

  • Irakaskuntza: Seaska federazioa baita irakaskuntza elebiduneko buraso elkarteak Euskal Haziak, Biga Bai eta Ikas Bi
  • Helduen euskalduntzea: Aek federazioa
  • Hedabideak: Euskal Irratiak federazioa, Aldudarrak Bideo (Web Tv Kanaldude), Herria (astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza astekaria), Iparla Baigura Komunikazioa (kazeta.eus) eta Errobi Promotions (Radiokultura web irratia). 
  • Aisialdietan: Uda Leku eta Bertsularien Lagunak elkarteak
  • Bizitza soziala: Udako Euskal Unibertsitatea

Hitzarmenez lotu 14 eragile identifikatuen jarduera linguistikoaren sustapenerako 1.793.500 € esleitu dira 2023an. 

Hizkuntza jarduera proiektu deialdia

Deialdi honen xedea da Ipar Euskal Herrian euskararen transmisioa eta erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Bestalde, hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren araudiari uztarturik, argitalpenari dagkion araudi berezi bat ere dago, honako sustapen-lerroeekin egituratua dena:

  • Euskarazko liburuaren argitaratzearen sustapena,
  • Euskarazko liburuaren merkaturatzea edo honen promoziorako lan tresnen sorrera eta jardueren sustapena,
  • Euskarazko animazio pedagogikoen antolaketaren sustapena.

2023an, proietu deialdi honen bidez 136.500 €ko dirutza esleitu da 40 bat eragile ezberdinen artean. 

Hemen eskuragarri dituzue Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurten antolatutako Proiektu Deialdiari buruzko emaitzak: