Euskal Autonomi Erkidegoarekin antolatutako partaidetza estu baten bidez...
2007. urtean sinatua izan zen Hitzarmen-Markoak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan duten mugaz gaindiko lankidetza iraunkor baten garatzeko aldeko borondatea adierazten zuen.
Hitzarmen-Marko horrek, 2007. urtetik 2010. urte bitartean izan du indarraldia, eta finkatutakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean gauzatzeko programa zehatzak bideratu dituzte, euskararen transmisioa eta erabilpena areagotzeko ahaleginetan. Honela, urtez urte eramandako lana bi partaideak zehazten eta finkatzen joan dira urteko Eranskin bat izenpetzearekin.
Bi izenpetzaileek kolaborazio horren balorazio positiboa egiten dute, honako hau azpimarratuz : 4 urtetan eta bi partaideek elkarlanean, 5.640.000 € jarri dituzte Ipar Euskal Herriko eragileen eta hauek bideratu proiektuen sustatzeko.
Ebaluaketa positibo partekatu horren oinarriz, bi izenpetzaileek partaidetza 6 urterentzat berriz bideratzea ontzat jotzen dute, hau da 2011. urtetik 2016. urtera.
Elkarlanerako lan-ildoak :
● Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definitze eta antolaketa.
● Jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunen definitze eta antolaketa.
● Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskararen Erakunde Publikoa eta EiTBren arteko lankidetza :
- EiTB eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenaren gauzatzea laguntzea, ETB1 (molde numerikoan) eta ETB3 kateak Iparraldean hedatzen ahalbidetzeko,
- Iparraldean euskararen aldeko sentiberatasuna hedatzea, EiTBren kanalen bitartez.
● V. inkesta soziolinguistikoaren eramatea.
● Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea.
Ipar Euskal Herriko eragileen sustatzea : 2011. urterako, 1.600.000 € jarriko dira, 2010. urteko gorakada mantenduz. 2010. urtean egin zen moldera, fondoa bi dirutzatan banatuko da :
● 1.200.000 € jarriko dira Iparraldeko eragile nagusien diruztatzeko, hitzarmen baten medioz beren urteko jarduera lotuz.
● 400.000 € jarriko dira bestalde, beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektu puntualen diruztatzeko, antolatuko den Proiektu Deialdi baten karietarat.